lunes, 23 de diciembre de 2019

AMAIERA

Lehenengo lauhilabetean izan dugun "Irakasle funtzioa" deituriko ikasgaian ezagutza berri asko barneratu ditudala pentsatzen dut. Ikasgaiaren planteamendua honako hau izan da: klasean hainbat bideo eta dokumental ikusi izan ditugu, baita artikulu eta liburuak irakurri ere. Ondoren irakasle eta ikaskideen artean horiei buruzko tertulia eta debateak planteatu egin dira, eta horrek aukera eman dit gai askori buruz hausnartzeko. Azkenik hausnarketa guzti horiek bertan jasoak izan dira. Bestalde taldekako lanak ere planteatu ziren, teknografia eta irakasle bati egindako elkarrizketa hain zuzen ere.

Hasteko, kurtsoa hasi zenean urduri sentitzen nintzen, izan ere unibertsitatean egoteak aldaketa suposatzen zuen testuinguru guztiz berria zelako. Gainera, batxilergoko eta unibertsitateko erritmoa ezberdina izango zen, eta irakasgai zein kontzeptuak guztiz berriak. Baina, pentsatzen dut kurtsoa aurrera joan ahala ohitu egin naizela eta irakasgai honen bitartez gai askori buruz hausnartzeko aukera izan dut.

Ildo beretik jarraituz, lehen esan bezala klasean gai asko jorratu ditugu, haien artean "Imagine Elephants" dokumentala, "Como en la viña del señor" artikulua, "Konfiantzaren pedagogia"  dokumentala etab. Material guzti horien bitartez zenbait gairi buruz hitz egiteko aukera suertatu da, eta ezagutzak lortzen lagundu didate. Adibidez, "Imagine Elephants" bideoan jolasaren garrantzia aipatzen zen, "Ebaluazioa Haur Hezkuntzan paradigma aldaketa" artikuluan adierazten zen ebaluazioa testuinguruan enfokatu behar zela, "Hezkuntza Saldai" dokumentalean eskola publikoaren garrantzia ikusi genuen... Honek guztiak nire iritziak sortzen lagundu dit.

Ondoren, material hauek klasean landu eta gero, portfolio hau sortu behar izan genuen bertan gai hauei buruzko gure hausnarketak egiteko. Hasieran kostatu egin zitzaidan ez nuelako inoiz horrelakorik egin, eta gainera plataforma digital hau berria zen niretzat, ez bainuen inoiz erabili. Azkenean trasteatzen ibili ondoren, uste dut ondo moldatu naizela eta lana aurrera eramateko gai izan naizela. Dena den, egia da denbora hobetu antolatu behar izan dudala, hausnarketa batzuk azkeneko momenturako gelditu zaizkidalako.

Taldekako lanei dagokienez, pentsatzen dut guztiz aberasgarriak izan direla. Alde batetik teknografia egin genuen. Lan horren helburua gure irakasle identitatea ezagutzea zen, eta lehen aldian kostatu egin zen arren, gero oso gustura ibili nintzen. Nire haurtzaroko zenbait momentu gogoratu ditut lan honen bitartez, eta gainera klase kideen haurtzaroak ezagutzeko aukera paregabea izan da. Ateratako ondorioa hau izan da: guztiok ditugu oso haurtzaro ezberdinak, batzuk beste batzuk baino gogorragoak, baina gure burua ezagutzea guztiz ezinbestekoa da gero besteena ezagutzeko. Beste alde batetik, irakasle bati elkarrizketa egin behar izan genion. Nire kasuan, eta nire taldearen kasuan bi irakaslerekin hitz egiteko aukera adierazi zitzaigun, eta haien esperientzia eta iritziak entzun genituen. Oso aberasgarria izan zen errealitatera eta irakasle lanbidera gehiago gerturatzeko. Adibidez, irakasle batek TEA zeukan haur bati buruz hitz egin zigun, eta familia horrek izan zuen egoeraz. Adierazi ziguten familiekin zein orokorrean eskola komunitatearekin komunikazioa mantentzea guztiz garrantzitsua zela, eta prest egon behar zarela aukera eta egoera berriei aurre egiteko. Izan ere, helduek ere ikasten jarraitzen dute uneoro. 

Amaitzeko, esan beharra dago ikasgai honen bitartez nire irakasle identitatea gutxinaka sortu eta ezagutu egin dudala. Pentsatzen dut klasean ondo ibili naizela. Egia da hasieran talde handian parte hartzea zaila egiten zitzaidala, baina gero konfiantza hartu nuen. Dena den talde txikietan erosoago sentitu naiz eta bertan ekarpen gehiago egin ditut. Bestalde irakasgai honek nire buruari hainbat galdera egin ahal izateko aukera eskaini dit, adibidez: zer da irakasle on bat izatea? Zergatik egon nahi dut hemen? 



No hay comentarios:

Publicar un comentario