domingo, 22 de diciembre de 2019

KALITATEZKO HEZKUNTZA

"Calidad en la Educación Infantil" Zabalzak idatzitako liburua da, 1996an argitaratua izan zena. Klasean liburuaren hirugarren kapituluan arreta jarri ondoren, ikus daiteke bertan kalitatezko Haur Hezkuntzaren hamar funtsezko alderdiak ageri direla. Autoreak, bere iritzia emanez alderdi hauek aipatzen ditu: espazioen antolamendua, alderdi emozionaletarako arreta pribilegiatua, hizkuntza aberatsaren erabilera, ohitura egonkorrak, erabilera anitzekoak eta dibertsifikatuak diren materialak, haur bakoitzari arreta indibidualizatua eskaintzea, gurasoekin eta testuinguruarekin lan egitea, eta beste zenbait.

Hasteko Zabalzak aipatutako esaldi esanguratsu bat hau da: "Emozionalitateak haurren segurtasun-mailan eragiten du batez ere, plataforma horretan eraikitzen baitira garapen guztiak". Emozioei dagokienez, haurren garapenerako ezinbestekoa da emozio guztiak lantzea. Oso garrantzitsua da emozioak adierazteko aukerak sortzea, horrela haurrek gero eta gehiago ezagutuko dituzte eta pixkanaka kontrolatuz joango dira. Gainera, adierazi egin behar da emozio guztiak beharrezkoak direla: poztasuna, haserrea, tristura... Egin behar ez dena sentimenduak erreprimitzea da. Izan ere, emozio guzti horiek kudeatzen jakitea oso osasuntsua da eta norbanakoaren burua hobetu ezagutzen laguntzen du. Bestalde, norbanako ezagutzaz gain, emozioen lanketak haurren harremanetan laguntzen du: besteak ulertzeko, errealitatea aztertzeko, ondo sentitzeko... Emozioen bitartez haurrak seguru sentitzen dira, intseguritateak aldiz, beldurra, jarrera defentsiboak, eta harremanetan dependentzia eragiten ditu. Ondorioz, ezinbestekoa da emozioei duten garrantzia ematea.

Bigarrenik, espazioen antolamenduari erreparatuz, autorearen hitzetan: "Haur Hezkuntzak oso ezaugarri bereziak ditu espazioen antolaketari dagokionez: espazio zabalak behar ditu, ondo bereiziak, erraz eskuratzeko modukoak eta espezializatuak. Garrantzitsua da, halaber, talde osoak baterako lanak egin ahal izateko espazio bat egotea". Zabalzak adierazi bezala, haurrek espazio zabalak, argitsuak eta bereiziak behar ditu. Testuingurua guztiz garrantzitsua da umeentzat, izan ere, eskolan ordu asko pasatzen dituzte eta horregatik bertan eroso sentitu behar dira. Bestalde, espazioen bereizketa egoteak badu bere garrantzia ere. Modu horretan hainbat ekintza jorratu daitezke, batzuk taldeka, beste batzuk bakarka... Adibidez, txokoen bitartez ekintza mota asko egin daitezke. Esate baterako: jolas sinbolikoak, mahai jolasak, lo edo atseden hartzeko gela, psikomotrizitate gela, dramatizazio gela... Orokorrean, haurrek jolasteko espazio asko behar izaten dute.

Hirugarrenik, Zabalzak dionez: "banakako arreta iraunkorra garatzea ezinezkoa bada ere, haur bakoitzarekin harreman indibidualak izan behar dira, partzialki edo aldi jakin batean bada ere". Egia da klasean ikasle asko daudenez erosoena talde osoarekin lan egitea izaten dela, baina oso aberasgarria suertatzen da momentu bat izatea haur bakoitzarekin. Arreta indibidualizatua denbora guztian mantentzea ezinezkoa den arren, ahaleginak egin behar dira haurrei denbora tarte bat eskaintzeko. Haur bakoitza mundu bat da, ondorioz interes, motibazio eta behar ezberdinak izango dituzte. Arreta indibidualizatua haur bakoitzari behar duen arreta emateko momentua da, horrela lana orientatu daiteke edo gaitasun eta trebetasun espezifikoak garatzen lagundu.

Laugarrenik, hizkuntza aberatsa erabiltzeari buruz idazlearen hitzak hauek dira: "hizkuntzaren gainean pentsamendua eta errealitatea eta norberaren esperientzia deskodetzeko gaitasuna eraikiz doa, hau da, ikasteko gaitasuna." Garrantzitsua da haur guztiek hitz egiteko aukera izatea, izan ere modu horretan emozio, sentimendu eta ideiak adierazten ikasten dute. Bestalde, hizkuntzaren erabilera egokiak haurren komunikazio gaitasuna hobetzen du, eta esan nahi dutena adierazteko denbora eman behar zaie. Adibidez, egunerokotasunean zer egin duten azaltzea, galderak planteatzea, ekintza bat nola jorratu duten kontatzea, edo bestelako gaiak aberasgarriak izan daiteke haurrak azaltzeko.

Ildo beretik jarraituz, Zabalzak ohitura egonkorrei buruz hitz egiten du: "errutinek, espazioen antzera, rol garrantzitsua jokatzen dute haurrak mugitzen eta jarduten diren testuingurua definitzeko orduan. Errutinak eguneroko esperientzien egiturazko antolatzaileak bezalakoak dira". Haurrek errutina batzuk jarraitzeak onurak ekartzen dizkie, izan ere ez dira eroso sentituko zer espero daitekeen ez dakiten egoera batean, horregatik errutinak segurtasun sentsazioa ematen die. Bestalde, ohitura batzuk jarraitzeak umeen autonomia ere garatzen du; esaterako, arropa bakarrik janztea, hortzak garbitzea, bakarrik jatea koilara, labana eta sardezka egoki erabiliz, eta bestelako ekintzak. Egunerokotasunean betetzen diren ekintzak alegia.

Ondoren, materialei buruz hau ageri da testuan: "Haur Hezkuntzako gela batek, batez ere, oso agertoki estimulatzailea izan behar du, ekintza-aukera ugari erraztu eta iradokitzeko gai dena". Argi dago haurrek estimulazioa jasotzeko era guztietako materialak behar izango dituztela, izan ere haur bakoitzak interes mota batzuk utziko ditu agerian. Haurrek zentzumenen bidez aztertuko dituzte materialak, beraz barietatea eduki behar dute. Esaterako, forma eta kolore ezberdinetakoak, naturatik datozen objektuak, ekintza akademikoekin lotura dutenak eta. Guzti hori eskura izateak arreta deituko die, eta nahi dutena esploratu ahal izango dute.

Azkenik, argi dago eskolak eta haurren testuinguruak haientzako erosoa izan behar duela, izan ere bertan denbora asko pasatzen dute. Bestalde, haurrek kalitatezko hezkuntza izan dezaten faktore asko izan behar dira kontuan. Espazioari, materiali, arreta indibidualizatuari hizkuntzari eta beste hainbatei erreparatu behar zaie, eta irakaslearen funtzioa haurren bidelagun bilakatzea da, beharrezkoa dutenenan laguntza eskaintzeko.

Zabalzaren hitzetan: "oso pozik egongo naiz, baldin eta, gutxienez, hausnarketa kolektiboa eragitea lortzen badut, nahiz eta proposamenarekin ados ez egon (bai markatutako alderdiekin ados ez daudelako, bai adierazitakoak baino garrantzitsuagoak diren beste batzuk falta direlako), Haur Hezkuntzan funtsezkoak diren gauzei buruz". Bertatik ondorioztatu daiteke gai honi buruzko hausnarketa egiteak duen garrantzia, gero bakoitzak bere iritzi pertsonala sortzeko. 

Zitak gaztelaniatik euskarara hitzez-hitz itzuliak.


Bibliografia


Zabalza, M.A. (1996) Calidad en la Educación Infantil. Madrid: Narcea. Kap, 3: Los diez aspectos claves de una Educación  Infantil de calidad.  49-61 orr.

  





No hay comentarios:

Publicar un comentario