viernes, 20 de diciembre de 2019

ESKOLA PUBLIKOA

Gaur egun, eskola publikoaz gain, hezkuntza pribatu zein itunpekoa jasotzeko aukera dago. "Hezkuntza salgai" izenburu duen dokumental hau, 2019. urtean argitaratua izan da STEILAS sindikatuaren eskutik, eta eskola publikoaren defentsa egiten du. STEILAS Euskal Herriko hezkuntzako langileen ezkerreko sindikatua da eta 1977tik darama lanean. Sindikatua honen helburua langileen eskubideak bermatzea da, baita euskal eskola eta hezkuntza publikoa ere. Bestalde, feminismoa eta gizarte eredu berria aldarrikatzen dituzte. Gainera, dokumentala ikustearekin batera, aukera paregabea izan genuen klasean Aitor Idigoras eta Jone Gibelaldek gai honi buruz eskaini ziguten hitzaldia entzuteko.

Hasteko, arreta bideoan jarriz, hainbat pertsona ageri dira beren ikuspuntu, errealitate, iritzi eta ekarpenak adieraziz. Esaterako, ikasleak, irakasleak, STEILAS-eko partaideak, migratzaileen eskubideen defendatzailea etab.

Lehenik eta behin, Samira Bouazzaouik, migratzaileen eskubideen defendatzailea denak esaldi hau esaten du: "itunpeko ikastola batera sartu nintzen eta esan zidaten ezetz, plaza guztiak erreserbatuta zeudela eta ez zegoela nire semearentzako tokirik. Harritua geratu nintzen epea ez zelako pasa eta lehenetarikoa izan nitzelako seme-alabak apuntatzen. Esan zidaten nire semeak ez bazuen familiarrik eskolan ez zuela bertan ikasteko eskubiderik".  Hezkuntza guztiz oinarrizkoa den eskubidea da, eta hori dela edozein haurrak eskolan oztoporik gabeko sarbidea izan behar du. Bestalde, eskolak publiko eta doakoa izan behar du haur eta familia guztiek aukera berdinak izan ditzaten, eta ateak itxi ez diezaieten haien egoera ekonomiko eta abarrengatik.

Bigarrenik, magisteritzako ikaslea den Ainhoa Armentiaren hitzetan: "ebaluazioa oinarritzen da batez ere azterketetan, eta azterketak oinarritzen dira momentu puntual batean ikasle batek memorizatzen duen horretan." Zoritxarrez Ainhoak adierazi bezala, ebaluazioa batez ere azterketetan oinarritzen da, eta horrek ez ditu ikasleen gaitasunak adierazten ezta ikasi dutena demostratzen. Izan ere, gehienetan azterketak egiteko momentuan ikaslek memorizatu egiten du ulertu beharrean. Gainera, zenbaki huts batek ez ditu ikasleen ezagutzak adierazten. Zer suposatzen du honek ikasleengan? Nota onenak lortzearen nahiak haien lehiakortasuna bultzatzen du, eta eskoa porrotak frustrazioa areagotu.

Ildo beretik jarraituz, lehen aipatu bezala Aitor Idigoras eta Jone Gibelalde unibertsitatera etorri ziren gai honi buruzko hitzaldi bat emateko. Aitor hezkuntza fisikoko irakaslea da, eta Jone haur hezkuntza eta hezkuntza fisikokoa.  Biak STEILAS sindikatuko partaide izanik eskola publikoaren egoera azaldu ziguten.

Aitor Idigorasen hitzetan: "ikastetxe pribatu ia guztiak kooperatibak dira gaur egun, eta STEILAS sindikatuaren ustez kooperatibek ez dute sentsurik". Lehen adierazi bezala, eskolak doakoa izan behar du edonork hezkuntza izateko aukera izan dezan. Kooperatibak soilik kooperatibistentzat izaten dira, eta horrek aukerak murrizten dizkiete beste haur batzuei. Badirudi honen helburua ekonomia dela ezagutza eta irakaskuntza izan beharrean, eta hori ez da eskolak planteatu behar duena.

Ondoren Jonek eta Aitorrek hau aipatu zuten; "eskola eta auzoa batuta egotea ezinbesteko oinarria da, eta eskola publikoak euskara bultzatu eta feminismotik hezi behar du". Alde batetik, esan beharra dago guztiz garrantzitsua dela haurrak feminismotik hezitzea. Izan ere, gaur egun gizarteak aurrera pausoak eman dituen arren, oraindik ere balore matxistak barneratu egiten dira genero rol, estereotipo eta bestelakoengatik adibidez. Horregatik, haurrei adierazi behar zaie emakume zein gizonek eskubide eta aukera berdinak izan behar dituztela. Beste alde batetik, eskola publikoak euskara bultzatu behar du bertako hizkuntza ofiziala delako. Zoritxarrez euskara hizkuntza minoritarioa izanik galtzeko arriskua du, ondorioz euskara hitz egin nahi dutenek eskubidea izan behar dute hezkuntza arloan hizkuntza hau erabiltzeko.  Eskola eta auzoa batuta egoteari dagokionez, ikasleen testuingurua ezagutzeak lagundu egingo du haien portaera  ulertzen. Gainera, ikaskuntza ez da soilik eskolan ematen, edozein leku eta momentuan eman daiteke. Horregatik ezinbestekoa da eskola eta komunitatearen arteko komunikazioa egotea.

Berriro bideora bueltatuz, eta ebaluazioari dagokienez Marta Villalva ikasleak esaldi hau esaten du: "Proba hau ez d gure beharretan, ikasleen beharretan oinarrituko, baizik eta bakarrik horren atzean dagoena da interes ekonomiko bat". Martak aipatzen duen proba PISA da, nazioartekoa den eta 15 urterekin ikasleek dituzten gaitasun akademikoak ebaluatzen dituena. Proba honen arazoa da OCDE erakundeak sortu duela, eta erakundea hau ez da hezkuntzakoa, ekonomia lankidetza eta garapenekoa baizik. Horrek argi erakusten du bertan ez direla ikasleen beharrak bermatzen, eta ekonomiari garrantzi handiagoa eskaintzen zaiola.

Azkenik, hausnarketarekin bukatzeko, oso argi utzi behar da hezkuntza jasotzeko eskubidea guztiona dela. Eskola pribatua ez da guztiek duten aukera bat, izan ere familia askok ezin dituzte haien seme-alabak bertan matrikulatu. Haien baldintza ekonomiko, sozial, kultural eta abarren ondorioz ez dute plazarik lortzen eta eskola horietatik kanpo geratzen dira. Horregatik, guztiz ezinbestekoa da egoera honetaz kontzientzia hartzea eta ikasleek zein balore jasotzea nahi den jakitea.







Bibliografia

Masa, J. (produktorea), López de Sabando, Z. (zuzendaria). (2019). Hezkuntza salgai.

Idigoras A. & Gibelalde J. (hizlariak) (2019). Vitoria-Gasteiz.

STEILAS webgune ofiziala. Honako webgune honetatik berreskuratua: https://steilas.eus/es/nortzuk-gara/










No hay comentarios:

Publicar un comentario