lunes, 23 de diciembre de 2019

AMAIERA

Lehenengo lauhilabetean izan dugun "Irakasle funtzioa" deituriko ikasgaian ezagutza berri asko barneratu ditudala pentsatzen dut. Ikasgaiaren planteamendua honako hau izan da: klasean hainbat bideo eta dokumental ikusi izan ditugu, baita artikulu eta liburuak irakurri ere. Ondoren irakasle eta ikaskideen artean horiei buruzko tertulia eta debateak planteatu egin dira, eta horrek aukera eman dit gai askori buruz hausnartzeko. Azkenik hausnarketa guzti horiek bertan jasoak izan dira. Bestalde taldekako lanak ere planteatu ziren, teknografia eta irakasle bati egindako elkarrizketa hain zuzen ere.

Hasteko, kurtsoa hasi zenean urduri sentitzen nintzen, izan ere unibertsitatean egoteak aldaketa suposatzen zuen testuinguru guztiz berria zelako. Gainera, batxilergoko eta unibertsitateko erritmoa ezberdina izango zen, eta irakasgai zein kontzeptuak guztiz berriak. Baina, pentsatzen dut kurtsoa aurrera joan ahala ohitu egin naizela eta irakasgai honen bitartez gai askori buruz hausnartzeko aukera izan dut.

Ildo beretik jarraituz, lehen esan bezala klasean gai asko jorratu ditugu, haien artean "Imagine Elephants" dokumentala, "Como en la viña del señor" artikulua, "Konfiantzaren pedagogia"  dokumentala etab. Material guzti horien bitartez zenbait gairi buruz hitz egiteko aukera suertatu da, eta ezagutzak lortzen lagundu didate. Adibidez, "Imagine Elephants" bideoan jolasaren garrantzia aipatzen zen, "Ebaluazioa Haur Hezkuntzan paradigma aldaketa" artikuluan adierazten zen ebaluazioa testuinguruan enfokatu behar zela, "Hezkuntza Saldai" dokumentalean eskola publikoaren garrantzia ikusi genuen... Honek guztiak nire iritziak sortzen lagundu dit.

Ondoren, material hauek klasean landu eta gero, portfolio hau sortu behar izan genuen bertan gai hauei buruzko gure hausnarketak egiteko. Hasieran kostatu egin zitzaidan ez nuelako inoiz horrelakorik egin, eta gainera plataforma digital hau berria zen niretzat, ez bainuen inoiz erabili. Azkenean trasteatzen ibili ondoren, uste dut ondo moldatu naizela eta lana aurrera eramateko gai izan naizela. Dena den, egia da denbora hobetu antolatu behar izan dudala, hausnarketa batzuk azkeneko momenturako gelditu zaizkidalako.

Taldekako lanei dagokienez, pentsatzen dut guztiz aberasgarriak izan direla. Alde batetik teknografia egin genuen. Lan horren helburua gure irakasle identitatea ezagutzea zen, eta lehen aldian kostatu egin zen arren, gero oso gustura ibili nintzen. Nire haurtzaroko zenbait momentu gogoratu ditut lan honen bitartez, eta gainera klase kideen haurtzaroak ezagutzeko aukera paregabea izan da. Ateratako ondorioa hau izan da: guztiok ditugu oso haurtzaro ezberdinak, batzuk beste batzuk baino gogorragoak, baina gure burua ezagutzea guztiz ezinbestekoa da gero besteena ezagutzeko. Beste alde batetik, irakasle bati elkarrizketa egin behar izan genion. Nire kasuan, eta nire taldearen kasuan bi irakaslerekin hitz egiteko aukera adierazi zitzaigun, eta haien esperientzia eta iritziak entzun genituen. Oso aberasgarria izan zen errealitatera eta irakasle lanbidera gehiago gerturatzeko. Adibidez, irakasle batek TEA zeukan haur bati buruz hitz egin zigun, eta familia horrek izan zuen egoeraz. Adierazi ziguten familiekin zein orokorrean eskola komunitatearekin komunikazioa mantentzea guztiz garrantzitsua zela, eta prest egon behar zarela aukera eta egoera berriei aurre egiteko. Izan ere, helduek ere ikasten jarraitzen dute uneoro. 

Amaitzeko, esan beharra dago ikasgai honen bitartez nire irakasle identitatea gutxinaka sortu eta ezagutu egin dudala. Pentsatzen dut klasean ondo ibili naizela. Egia da hasieran talde handian parte hartzea zaila egiten zitzaidala, baina gero konfiantza hartu nuen. Dena den talde txikietan erosoago sentitu naiz eta bertan ekarpen gehiago egin ditut. Bestalde irakasgai honek nire buruari hainbat galdera egin ahal izateko aukera eskaini dit, adibidez: zer da irakasle on bat izatea? Zergatik egon nahi dut hemen? 



domingo, 22 de diciembre de 2019

KALITATEZKO HEZKUNTZA

"Calidad en la Educación Infantil" Zabalzak idatzitako liburua da, 1996an argitaratua izan zena. Klasean liburuaren hirugarren kapituluan arreta jarri ondoren, ikus daiteke bertan kalitatezko Haur Hezkuntzaren hamar funtsezko alderdiak ageri direla. Autoreak, bere iritzia emanez alderdi hauek aipatzen ditu: espazioen antolamendua, alderdi emozionaletarako arreta pribilegiatua, hizkuntza aberatsaren erabilera, ohitura egonkorrak, erabilera anitzekoak eta dibertsifikatuak diren materialak, haur bakoitzari arreta indibidualizatua eskaintzea, gurasoekin eta testuinguruarekin lan egitea, eta beste zenbait.

Hasteko Zabalzak aipatutako esaldi esanguratsu bat hau da: "Emozionalitateak haurren segurtasun-mailan eragiten du batez ere, plataforma horretan eraikitzen baitira garapen guztiak". Emozioei dagokienez, haurren garapenerako ezinbestekoa da emozio guztiak lantzea. Oso garrantzitsua da emozioak adierazteko aukerak sortzea, horrela haurrek gero eta gehiago ezagutuko dituzte eta pixkanaka kontrolatuz joango dira. Gainera, adierazi egin behar da emozio guztiak beharrezkoak direla: poztasuna, haserrea, tristura... Egin behar ez dena sentimenduak erreprimitzea da. Izan ere, emozio guzti horiek kudeatzen jakitea oso osasuntsua da eta norbanakoaren burua hobetu ezagutzen laguntzen du. Bestalde, norbanako ezagutzaz gain, emozioen lanketak haurren harremanetan laguntzen du: besteak ulertzeko, errealitatea aztertzeko, ondo sentitzeko... Emozioen bitartez haurrak seguru sentitzen dira, intseguritateak aldiz, beldurra, jarrera defentsiboak, eta harremanetan dependentzia eragiten ditu. Ondorioz, ezinbestekoa da emozioei duten garrantzia ematea.

Bigarrenik, espazioen antolamenduari erreparatuz, autorearen hitzetan: "Haur Hezkuntzak oso ezaugarri bereziak ditu espazioen antolaketari dagokionez: espazio zabalak behar ditu, ondo bereiziak, erraz eskuratzeko modukoak eta espezializatuak. Garrantzitsua da, halaber, talde osoak baterako lanak egin ahal izateko espazio bat egotea". Zabalzak adierazi bezala, haurrek espazio zabalak, argitsuak eta bereiziak behar ditu. Testuingurua guztiz garrantzitsua da umeentzat, izan ere, eskolan ordu asko pasatzen dituzte eta horregatik bertan eroso sentitu behar dira. Bestalde, espazioen bereizketa egoteak badu bere garrantzia ere. Modu horretan hainbat ekintza jorratu daitezke, batzuk taldeka, beste batzuk bakarka... Adibidez, txokoen bitartez ekintza mota asko egin daitezke. Esate baterako: jolas sinbolikoak, mahai jolasak, lo edo atseden hartzeko gela, psikomotrizitate gela, dramatizazio gela... Orokorrean, haurrek jolasteko espazio asko behar izaten dute.

Hirugarrenik, Zabalzak dionez: "banakako arreta iraunkorra garatzea ezinezkoa bada ere, haur bakoitzarekin harreman indibidualak izan behar dira, partzialki edo aldi jakin batean bada ere". Egia da klasean ikasle asko daudenez erosoena talde osoarekin lan egitea izaten dela, baina oso aberasgarria suertatzen da momentu bat izatea haur bakoitzarekin. Arreta indibidualizatua denbora guztian mantentzea ezinezkoa den arren, ahaleginak egin behar dira haurrei denbora tarte bat eskaintzeko. Haur bakoitza mundu bat da, ondorioz interes, motibazio eta behar ezberdinak izango dituzte. Arreta indibidualizatua haur bakoitzari behar duen arreta emateko momentua da, horrela lana orientatu daiteke edo gaitasun eta trebetasun espezifikoak garatzen lagundu.

Laugarrenik, hizkuntza aberatsa erabiltzeari buruz idazlearen hitzak hauek dira: "hizkuntzaren gainean pentsamendua eta errealitatea eta norberaren esperientzia deskodetzeko gaitasuna eraikiz doa, hau da, ikasteko gaitasuna." Garrantzitsua da haur guztiek hitz egiteko aukera izatea, izan ere modu horretan emozio, sentimendu eta ideiak adierazten ikasten dute. Bestalde, hizkuntzaren erabilera egokiak haurren komunikazio gaitasuna hobetzen du, eta esan nahi dutena adierazteko denbora eman behar zaie. Adibidez, egunerokotasunean zer egin duten azaltzea, galderak planteatzea, ekintza bat nola jorratu duten kontatzea, edo bestelako gaiak aberasgarriak izan daiteke haurrak azaltzeko.

Ildo beretik jarraituz, Zabalzak ohitura egonkorrei buruz hitz egiten du: "errutinek, espazioen antzera, rol garrantzitsua jokatzen dute haurrak mugitzen eta jarduten diren testuingurua definitzeko orduan. Errutinak eguneroko esperientzien egiturazko antolatzaileak bezalakoak dira". Haurrek errutina batzuk jarraitzeak onurak ekartzen dizkie, izan ere ez dira eroso sentituko zer espero daitekeen ez dakiten egoera batean, horregatik errutinak segurtasun sentsazioa ematen die. Bestalde, ohitura batzuk jarraitzeak umeen autonomia ere garatzen du; esaterako, arropa bakarrik janztea, hortzak garbitzea, bakarrik jatea koilara, labana eta sardezka egoki erabiliz, eta bestelako ekintzak. Egunerokotasunean betetzen diren ekintzak alegia.

Ondoren, materialei buruz hau ageri da testuan: "Haur Hezkuntzako gela batek, batez ere, oso agertoki estimulatzailea izan behar du, ekintza-aukera ugari erraztu eta iradokitzeko gai dena". Argi dago haurrek estimulazioa jasotzeko era guztietako materialak behar izango dituztela, izan ere haur bakoitzak interes mota batzuk utziko ditu agerian. Haurrek zentzumenen bidez aztertuko dituzte materialak, beraz barietatea eduki behar dute. Esaterako, forma eta kolore ezberdinetakoak, naturatik datozen objektuak, ekintza akademikoekin lotura dutenak eta. Guzti hori eskura izateak arreta deituko die, eta nahi dutena esploratu ahal izango dute.

Azkenik, argi dago eskolak eta haurren testuinguruak haientzako erosoa izan behar duela, izan ere bertan denbora asko pasatzen dute. Bestalde, haurrek kalitatezko hezkuntza izan dezaten faktore asko izan behar dira kontuan. Espazioari, materiali, arreta indibidualizatuari hizkuntzari eta beste hainbatei erreparatu behar zaie, eta irakaslearen funtzioa haurren bidelagun bilakatzea da, beharrezkoa dutenenan laguntza eskaintzeko.

Zabalzaren hitzetan: "oso pozik egongo naiz, baldin eta, gutxienez, hausnarketa kolektiboa eragitea lortzen badut, nahiz eta proposamenarekin ados ez egon (bai markatutako alderdiekin ados ez daudelako, bai adierazitakoak baino garrantzitsuagoak diren beste batzuk falta direlako), Haur Hezkuntzan funtsezkoak diren gauzei buruz". Bertatik ondorioztatu daiteke gai honi buruzko hausnarketa egiteak duen garrantzia, gero bakoitzak bere iritzi pertsonala sortzeko. 

Zitak gaztelaniatik euskarara hitzez-hitz itzuliak.


Bibliografia


Zabalza, M.A. (1996) Calidad en la Educación Infantil. Madrid: Narcea. Kap, 3: Los diez aspectos claves de una Educación  Infantil de calidad.  49-61 orr.

  





sábado, 21 de diciembre de 2019

HAURRAK ETA FILOSOFIA

Filosofia egin dezakete haurrek? "Solo es el principio" izeneko pelikula dokumentalean, klase batean hiru eta lau urte tarteko ikasleek filosofia ikasteko proiektu bat aurrera eramaten dutela ikus daiteke Frantziako eskola batean, eta kurtsoan zehar filosofiarekiko duten lotura. Bertan, gai askori buruz hausnartzen dute, haien artean heriotza, askatasuna, inteligentzia, laguntasuna, maitasuna... Gure gizartean askotan horrelako gaiei buruz hitz egitea kostatzen zaigu, horregatik oso garrantzitsua da haurrak txikiak direnetik hausnartzera, pentsatzera eta haien iritzia sortu zein ematera animatzea. 

Lehenik eta behin, pelikularen hasieran ikus daiteke nola irakasleak haurrei filosofia azaltzeko sinbologia erabiltzen duen. Guztiak korroan eseri eta kandela bat hartuz ikasleei hau esaten die: "kandelak gaur egingo ditugun galderak erantzuten lagunduko digu".  Honek ikasleen arreta deitzen du, eta oso garrantzitsua da haurrek kontzeptuak lotzen jakitea. Kandela pizteak hausnartzen hasteko seinale dela adierazten die. Gainera, saio hauen bitartez, haurrek elkar entzuten ikasten dute, bere ikaskideen txanda eta iritziak errespetatzen, batzuetan ados ez dauden arren, hitz egin baino lehenago pentsatzen, haien erantzunak birplanteatzen, eta haien burua zein klasekideena ezagutzeko aukera dute.

Bigarrenik, deigarria da nola irakasleak ez duen inoiz bere iritzia ematen, ikasleen erantzunak entzun eta beste galdera batekin erantzuten die. Horrek aukera ematen die haurrei berriro ere pentsatu eta esandakoa birplanteatzeko. Adibidez, arrazei buruz hitz egiten duten momentu batean Kyria izeneko haurrak esaldi hau aipatzen du: "Ez zait gustatzen beltza izatea". Irakasleak kuestionatu egiten duenean Kyriak ez du arrazoirik topatzen. Kolore beltza ez zaiola gustatzen dio, baina ez du beste arrazoirik aurkitzen.

Ildo beretik jarraituz, lehen esan bezala gai askori buruz hausnartzen dute. Adibidez, heriotzari buruz hausnartzen ari diren momentuan irakaslea den  Pascalinek galdera bat luzatzen du: "zer da arima?" Galdera horren haurrean Yanis izeneko ikasleak hau erantzuten du: " Kolore urdineko eta ikusezina den gauza bat". Nabarmena da guztiz garrantzitsua dela haurrekin horrelako gaiak lantzea, izan ere gure gizartean heriotza adibidez "tabutzat" hartzen da. Haurrek edozerri buruz normaltasunez hitz egiten dute, eta gainera ematen dituzten erantzunak guztiz espontaneoak izaten dira, humorez eta  logikaz beteta. Beste adibide bat jartzearren, Pascalinek dio: "nola maitatzen da maiteminduta gaudenean?" Haur baten hitzetan: "sabelean kilimak egiten ditu. Koloredun jartzen zara".

Pelikulan ere ikus daiteke nola haurrek haien pentsamenduak adierazteko marrazkiak egiten dituzten. Marrazkia egin ondoren Pascaline irakasleari azaltzen diote pentsatutakoa, eta honek idatzi egiten du esaten diotena. Oso garrantzitsua da haurrek era ezberdinetan bere burua adierazten jakitea eta horretarako baliabide ezberdinak bilatzea. Izan daiteke ikasle batzuei gehiago kostatzea pentsatzen dutena hitzez azaltzen, eta marrazki baten bidez adieraztea lagungarria egin ahal zaie. Izan ere, haur bakoitza mundu bat izanik guztiok eroso sentitzeko eta parte hartzeko moduak bilatu behar lekuz kanpo geratu ez daitezen.

Ondoren, aipatzekoa da irakasleen arteko komunikazioa. Pascaline horren adibide da atsedenetan beste irakasle bati, klasean haurrekin filosofia tailerra nola doan azaltzen dionean. Ezinbestekoa da komunitatearen arteko komunikazioa egotea guztiok haurren garapena jarraitu ahal izateko. Gainera, irakasleen artean hitz egiteaz gain familiekin harremana mantentzea oso inportantea da. Adibidez, pelikulan ageri da nola irakasleak familiei filosofia tailerrari buruz hitz egiten dien.

Familiei dagokienez, oso garrantzitsua da haiek ere eskolako proiektuetan inplikazioa adieraztea, eta oso paper garrantzitsua izaten dute. "Solo es el principio" pelikula dokumentalean haur baten amak esaldi hau aipatzen du: "proiektu honekin, oso gai garrantzitsu eta interesgarriak jorratu dituzue. Heriotza adibidez, ez genekien horri buruz nola hitz egin." Eskola eta familien arteko elkarlana lagungarria da familiek klasean lantzen denari jarraipena emateko. Horrela ikasleek, haien pentsamendu kritikoa eskolatik kanpo ere garatzen jarraitzen dute. Adibidez, pelikulan zehar Yanis ageri da bere gurasoekin galdera eta erantzunak plantzeatzen, baita Kyria ere.

Azkenik, eta hausnarketarekin bukatzeko, filosofatu dezakete haurrek? zer suposatzen du proiektu honek, eta zer ondorio dakartza? Hasieran ikasleek zailtasun gehiago dituzte galderei erantzunak emateko, baina kurtsoa aurrera joan ahala gero eta hobeto adierazi eta azaltzen dituzte haien ideiak. Haurrei haien iritziak sortzen utzi behar zaie, baita pentsamendu kritikoa garatzen ere. Askotan haurrak dira helduei irakasten dietenak ematen dituzten erantzunen bitartez.  Haurrek gaitasuna dute  gai askori buruz hitz egin eta hausnartzeko, eta horregatik normaltasunez planteatu behar zaizkie gaur egungo gizarteak jorratzeko zailtzat dituen gai horiek.

Laburbilduz, oso garrantzitsua da haurrak ikaskuntza prozesuaren protagonistak izatea, eta gainera, parekoen artean asko ikasten dute. Bestalde, irakaslearen funtzioa bidelagun izatea da eta ikasleen ikaskuntza prozesua ahalik eta hoberen gidatzea. Umeak gizartearen etorkizuna izango dira, horren ondorioz guztiz ezinbestekoa da jakitea zer balore transmititu nahi zaizkien, eta haien autonomia, pentsamendu kritiko eta elkarrekiko errespetua lantzea beste hainbat gaitasunen artean.

Zitak hitzez-hitz euskarara itzuliak
 






Bibliografia 

Aupin, C. (produktorea), Barougier, P. (zuzendaria), eta Pozzi, J. (zuzendaria). (2012). Ce n'est qu'un début [Pelikula]. Frantzia: Ciel de Paris Productions.


viernes, 20 de diciembre de 2019

ESKOLA PUBLIKOA

Gaur egun, eskola publikoaz gain, hezkuntza pribatu zein itunpekoa jasotzeko aukera dago. "Hezkuntza salgai" izenburu duen dokumental hau, 2019. urtean argitaratua izan da STEILAS sindikatuaren eskutik, eta eskola publikoaren defentsa egiten du. STEILAS Euskal Herriko hezkuntzako langileen ezkerreko sindikatua da eta 1977tik darama lanean. Sindikatua honen helburua langileen eskubideak bermatzea da, baita euskal eskola eta hezkuntza publikoa ere. Bestalde, feminismoa eta gizarte eredu berria aldarrikatzen dituzte. Gainera, dokumentala ikustearekin batera, aukera paregabea izan genuen klasean Aitor Idigoras eta Jone Gibelaldek gai honi buruz eskaini ziguten hitzaldia entzuteko.

Hasteko, arreta bideoan jarriz, hainbat pertsona ageri dira beren ikuspuntu, errealitate, iritzi eta ekarpenak adieraziz. Esaterako, ikasleak, irakasleak, STEILAS-eko partaideak, migratzaileen eskubideen defendatzailea etab.

Lehenik eta behin, Samira Bouazzaouik, migratzaileen eskubideen defendatzailea denak esaldi hau esaten du: "itunpeko ikastola batera sartu nintzen eta esan zidaten ezetz, plaza guztiak erreserbatuta zeudela eta ez zegoela nire semearentzako tokirik. Harritua geratu nintzen epea ez zelako pasa eta lehenetarikoa izan nitzelako seme-alabak apuntatzen. Esan zidaten nire semeak ez bazuen familiarrik eskolan ez zuela bertan ikasteko eskubiderik".  Hezkuntza guztiz oinarrizkoa den eskubidea da, eta hori dela edozein haurrak eskolan oztoporik gabeko sarbidea izan behar du. Bestalde, eskolak publiko eta doakoa izan behar du haur eta familia guztiek aukera berdinak izan ditzaten, eta ateak itxi ez diezaieten haien egoera ekonomiko eta abarrengatik.

Bigarrenik, magisteritzako ikaslea den Ainhoa Armentiaren hitzetan: "ebaluazioa oinarritzen da batez ere azterketetan, eta azterketak oinarritzen dira momentu puntual batean ikasle batek memorizatzen duen horretan." Zoritxarrez Ainhoak adierazi bezala, ebaluazioa batez ere azterketetan oinarritzen da, eta horrek ez ditu ikasleen gaitasunak adierazten ezta ikasi dutena demostratzen. Izan ere, gehienetan azterketak egiteko momentuan ikaslek memorizatu egiten du ulertu beharrean. Gainera, zenbaki huts batek ez ditu ikasleen ezagutzak adierazten. Zer suposatzen du honek ikasleengan? Nota onenak lortzearen nahiak haien lehiakortasuna bultzatzen du, eta eskoa porrotak frustrazioa areagotu.

Ildo beretik jarraituz, lehen aipatu bezala Aitor Idigoras eta Jone Gibelalde unibertsitatera etorri ziren gai honi buruzko hitzaldi bat emateko. Aitor hezkuntza fisikoko irakaslea da, eta Jone haur hezkuntza eta hezkuntza fisikokoa.  Biak STEILAS sindikatuko partaide izanik eskola publikoaren egoera azaldu ziguten.

Aitor Idigorasen hitzetan: "ikastetxe pribatu ia guztiak kooperatibak dira gaur egun, eta STEILAS sindikatuaren ustez kooperatibek ez dute sentsurik". Lehen adierazi bezala, eskolak doakoa izan behar du edonork hezkuntza izateko aukera izan dezan. Kooperatibak soilik kooperatibistentzat izaten dira, eta horrek aukerak murrizten dizkiete beste haur batzuei. Badirudi honen helburua ekonomia dela ezagutza eta irakaskuntza izan beharrean, eta hori ez da eskolak planteatu behar duena.

Ondoren Jonek eta Aitorrek hau aipatu zuten; "eskola eta auzoa batuta egotea ezinbesteko oinarria da, eta eskola publikoak euskara bultzatu eta feminismotik hezi behar du". Alde batetik, esan beharra dago guztiz garrantzitsua dela haurrak feminismotik hezitzea. Izan ere, gaur egun gizarteak aurrera pausoak eman dituen arren, oraindik ere balore matxistak barneratu egiten dira genero rol, estereotipo eta bestelakoengatik adibidez. Horregatik, haurrei adierazi behar zaie emakume zein gizonek eskubide eta aukera berdinak izan behar dituztela. Beste alde batetik, eskola publikoak euskara bultzatu behar du bertako hizkuntza ofiziala delako. Zoritxarrez euskara hizkuntza minoritarioa izanik galtzeko arriskua du, ondorioz euskara hitz egin nahi dutenek eskubidea izan behar dute hezkuntza arloan hizkuntza hau erabiltzeko.  Eskola eta auzoa batuta egoteari dagokionez, ikasleen testuingurua ezagutzeak lagundu egingo du haien portaera  ulertzen. Gainera, ikaskuntza ez da soilik eskolan ematen, edozein leku eta momentuan eman daiteke. Horregatik ezinbestekoa da eskola eta komunitatearen arteko komunikazioa egotea.

Berriro bideora bueltatuz, eta ebaluazioari dagokienez Marta Villalva ikasleak esaldi hau esaten du: "Proba hau ez d gure beharretan, ikasleen beharretan oinarrituko, baizik eta bakarrik horren atzean dagoena da interes ekonomiko bat". Martak aipatzen duen proba PISA da, nazioartekoa den eta 15 urterekin ikasleek dituzten gaitasun akademikoak ebaluatzen dituena. Proba honen arazoa da OCDE erakundeak sortu duela, eta erakundea hau ez da hezkuntzakoa, ekonomia lankidetza eta garapenekoa baizik. Horrek argi erakusten du bertan ez direla ikasleen beharrak bermatzen, eta ekonomiari garrantzi handiagoa eskaintzen zaiola.

Azkenik, hausnarketarekin bukatzeko, oso argi utzi behar da hezkuntza jasotzeko eskubidea guztiona dela. Eskola pribatua ez da guztiek duten aukera bat, izan ere familia askok ezin dituzte haien seme-alabak bertan matrikulatu. Haien baldintza ekonomiko, sozial, kultural eta abarren ondorioz ez dute plazarik lortzen eta eskola horietatik kanpo geratzen dira. Horregatik, guztiz ezinbestekoa da egoera honetaz kontzientzia hartzea eta ikasleek zein balore jasotzea nahi den jakitea.







Bibliografia

Masa, J. (produktorea), López de Sabando, Z. (zuzendaria). (2019). Hezkuntza salgai.

Idigoras A. & Gibelalde J. (hizlariak) (2019). Vitoria-Gasteiz.

STEILAS webgune ofiziala. Honako webgune honetatik berreskuratua: https://steilas.eus/es/nortzuk-gara/










miércoles, 18 de diciembre de 2019

EBALUAZIOA HAUR HEZKUNTZAN

Artikulu honek "Ebaluazioa Haur Hezkuntzan paradigma aldaketa" du izenburu, eta 29. monografiako hik hasi aldizkarian argitaratua izan zen 2016. urtean. Egileak, Iñaki Larrea eta Alexander Barandiaran dira. Mondragon unibertsitateko huheziko hazitegi ikerketa taldekoak esaterako. Testu honetan, Haur Hezkuntzako ebaluazioari buruz hitz egiten da, eta egileek proposatutako ebaluazioan haurraren testuinguruak hartzen duen garrantziaz. Espazioaren antolaketa, familiak, komunitatea, materiala, adin -aniztasuna, denboraren antolaketa eta bestelakoei erreparatzen zaie.

Lehenik eta behin, eskolak aipatzen dira. Izan ere, testuan adierazten den bezala, eskolak haurrek berezkoak dituzten gaitasunak azalarazteko eta modu osasuntsuan garatzeko testuinguruak dira. Iñaki eta Alexanderren diotenez: "irekiagoak diren eskolak proposatzen ditugu, haurren berezko gaitasunei hobeto erantzuteko". Haurren beharrei dagokienez, espazio irekiak guztiz beharrezkoak dira, horregatik ezinbestekoa da espazioaren antolaketari erreparatzea. Espazioak eragina du haurraren garapenean, eta esploratzeko, seguru sentitzeko eta pareko zein helduekin harremana izateko lekua behar du. Bestalde, guztiz egokia da espazio bakoitzari helburu bat ematea; hau da, barruko eta kanpoko espazioak bereiztea, harrera eta gurasoentzako guneak izatea eta eraikuntza, esperimentazio, jolas sinboliko, motrizitaterako eta lo edo atsedena egiteko lekuak izatea.

Bigarrenik, familiak aipatzea guztiz garrantzitsua da. Izan ere, testuan adierazten den bezala: "eskolako familiak haurren garapen-testuinguru ekologikoaren parte dira. Umearen osotasunaren alde bat dira. Familia-testuinguruak aparteko garrantzia dauka umeen garapen osasuntsuan". Ezinbestekoa da haurren familiekin, komunikazio eta harremana mantentzea, baita elkar-lana sustatzea ere. Gurasoak, haurrak bezala eroso sentitu behar dira, eta konfiantza eman behar zaie. Gainera, familiak haurren atxikimendu- irudiak izanik, ezinbestekoa da egokitzapenak duen garrantzia erakustea, eta horretarako eguneroko komunikazioa beharrezkoa da. Izan ere, haurrak eskolara doazen lehenengo aldia oso esanguratsua da.

Hirugarrenik, testuak materialen ebaluazioa ere proposatzen du. Autoreen hitzetan: " materialek esperimentazioa bultzatu behar dutela aintzat hartuta, ahalik eta material errealenak erabiltzea komeni da". Haurrei egunerokotasuneko eta funtzio bat duten materialak eskaintzeak aukera emango die funtzio hori zein den ikertu eta aztertzeko. Bestalde, oso garrantzitsua da material aniztasuna izatea, umeek ahalik eta gehien aztertu baita esperimentatzeko. Haurrek zentzumenen bidez aztertuko dituzte, horregatik era askotako materialak izatea gomendagarria da. Gainera, testuan adierazten den moduan: "umeari ez diogu lehenik eredu baten irudikapena aurkeztuko". Hau da, lehenengo haurrari objektu erreala esakainiko zaio, ezagutu dezan eta objektuaren kontzeptua ondorioztatu dezan. Horrela errazagoa izango da objektuaren irudia aztertzea.

Jarraitzeko, profesional taldeari erreparatuz, testuan esaldi hau ageri da: "iruditzen zaigu eskolara doazen umeen ardura eskolako profesional guztiena dela". Haurrak ez dira bakarrik irakasleen ardura, eskolako komunitate eta bertan lan egiten duten guztiena baizik.  Horregatik, profesional taldeak koordinatuta egon behar dira. Normalean, hezkuntza arloan, joera dago haurrak soilik irakasleen esku ustera eskolan heldu gehiago dauden arren. Egia da ikasleek irakasleekin pasatzen dutela denbora gehiena, baina beste profesional batzuekin ere kontaktua izaten dute. Adibidez, jantokiko sukaldariak, idazkaritzan lan egiten duten profesionalak, orientatzailea, eta beste hainbeste.  Ondorioz, oso garrantzitsua da eskolako komunitateak haien artean komunikazioa izatea. Gainera, profesional horiek umeentzako erreferentzia bilakatuko dira.

Beste gai bat aipatuz, testuak denboraren antolaketa ebaluatzearen garrantzia adierazten du. Alde batetik, Alexander Barandiaran eta Iñaki Larreak hau diote: "umeak dira protagonistak, eta denbora umeen arabera antolatzea aldarrikatzen dugu eskoletan". Haur bakoitza mundu bat da, eta horregatik bakoitzak interes batzuk izango ditu. Horren ondorioz interesgarria eta garrantzitsua da interes horiei denbora eskaintzea umeak motibatuta egon daitezen, baita haien beharrei erreparatzea. Beste alde batetik, esaldi hau ageri da: "ez ditugu haur guztiak eskolara ordu berean etortzera behartuko. Tarte malgu bat eskainiko diegu hara joateko eta familiatik trantsizioa lasai egiteko". Lehenago esan bezala, egokitzapen zein trantsizioari beharrezkoa den denbora eman behar zaio, haurrak eroso sentitzeko. Haur hezkuntza garaian, umeek testuinguru berri batekin kontaktua izaten duten lehen aldia da. Arrazoi hori dela, gelan murgiltzeko denbora eman behar zaie prest egon daitezen.

Ondoren, adin-aniztasunari dagokionez, testuan hau adierazten da: "talde heterogeneoen aldeko apustua egiten dugu". Zenbait adinetako haurrak nahastea aukera ematen die hainbat gaitasun garatzeko. Adibidez, txikienek imitazioa garatuko dute, eta handienek zenbait rol jasoko dituzte txikienak zaintzeko jokabidea agertuz. Esan daiteke, umeentzat aukera aberasgarria dela haien arteko lotura eta harremanak sortu ditzaten. Gainera, parekoen artean ere asko ikasiko dute, eta nagusiagoak diren haurrak txikienei azalpenak ematen ahaleginduko dira. Bestalde, bigarren hauei erakargarria egingo zaie nagusiagoak direnek egindakoa eta haien pausoak jarraituko dituzte.

Azkenik eta testua laburbilduz, esan daiteke ebaluazio momentuan hainbat faktore hartu behar direla kontuan ikaskuntza prozesua aurrera eramateko. Askotan haurran zentratu eta haren lorpenak ebaluatzea da izaten da joera nagusia, baina haurrarengan arreta jartzeaz gain testuingurua ere aztertu beharra dago, eta bertan dauden baldintzak.

Bibliografia   

Hik Hasi. (2016). Ebaluazioa Haur Hezkuntzan paradigma aldaketa. (29. monografikoa). 51-77 orr.






domingo, 24 de noviembre de 2019

EDONOR EZIN DA IRAKASLE IZAN

"Como en la viña del señor" izeneko testua Xavier Besalú, Gironako Unibertsitateko irakasleak idatzitakoa da, eta Cuadernos de Pedagogian argitaratu zen 2016ean. Testu honetan, irakasleen konpetentziei buruz hitz egiten da, baita irakasle on bat definitzen duten gaitasun eta txar bat bereizten dutenari buruz. Xavier Besaú irakasleak, Célestin Freinet pedagogo eta irakaslearen, eta Dewey, filosofo, pedagogo eta psikologoaren hitzak erabiltzen ditu testuan bere ideiak indartzeko. Gainera Xavierrek eskola publikoko zenbait irakasleri galdera batzuk egiten dizkie haien iritzi eta esperientziak jasotzeko. Irakasle horiek Anna, Bet, Cati, Saida eta Tatiana dira esaterako.

Hasteko, Xavierren hitzetan: "mundu guztiak ez du lanbide honetarako balio". Baina, zergatik? Egia da edonor ez dela irakasle izateko gai. Gure gizartean irakasle izateari ez zaio garrantzirik ematen, eta gehienok lanbide hau gutxiesten dute, baina irakaslea izateak ardura eta errespontsabilitate asko dakartza eta horregatik gehiago balioetsi behar da. Jendeak uste du magisteritzako gradua edonorentzat egina dagoela, erreza dela eta bertan esfortzu gutxi egin behar dela, baina ez da egia. Esan bezala, irakasle izateak ardura dakar, haur askorekin lan egin behar delako eta haien bidelagun bilakatu. Gainera, Haur Hezkuntza umeek hezkuntzarekin duten lehen harreman edo lotura da. Horregatik, lanbidea gustatzea eta bokazioa izatea guztiz oinarrizkoak dira, eta horrela lana ilusioz egingo da. Bestalde, lanbidea gustukoa ez bada hobe da irakasle ez bilakatzea. Izan ere, lana aspergarria bilakatuko da eta gogo gabe egingo da, haurrei ere asperdura eta gogo falta hau transmitituz. Ezinbestekoa da haurrak ikaskuntza arloan motibatzea, gustura sentitu daitezen, eta konfiantza, errespetua eta beste hainbat balore sustatzea. Gainera, irakasle ona izateko pentsamolde ireki eta kritikoa izan behar da, haurrengan dibertsitatea bultzatzeko. Izan ere haur txiki horiek haien nortasunak garatzen ari dira.

Hausnarketarekin jarraitzeko, aipatzekoak dira eskola publikoko irakasleen iritzi, ezagutza eta esperientziak. Xavier Besalúk galdetzen die ea nolakoak diren haiek irakaskuntzan eta ea zer den haientzat irakasle on bat izatea. Erantzuna emateko 5 gai jorratzen dira. Lehenik eta behin, haien buruarekiko duten jarrera aipatzen da. Diotenez, arduratsuak eta zorrotzak dira haien lanarekin eta ilusioz egiten dute. Gainera formakuntza ona dute, prest daude gauza berriak ikasteko, kritikak jasotzeko eta  irekiak daude gauza berrietara. Bigarrenik, ikasleak aipatuz, haienganako duten jarrera maitasun eta errespetuzkoa da. Behatu egiten dituzte haien interesak ikusteko eta behar dutenean laguntza eskaintzeko. Baita haien autonomia bultzatu, dibertsitatea bermatu eta lan erritmoak errespetatu. Ez dute inoiz amore ematen. Hirugarrenik, familiei buruz hitz egiten dute. Eskolako ekintzetan parte hartzera animatzen dituzte eta erlazio ona mantentzen dute haiekin konfiantza sortuz. Gainera haien errealitate eta bizitzeko modua ezagutzen ahalegintzen dira. Laugarrenik, ikastetxeari dagokionez, proiektu baten parte sentitzen dira eskolan zein eskolatik kanpo giro atsegina sortuz, hobetzen saiatuz, eta lankide guztiekin ondo moldatuz. Bostgarren eta azkenik, komunitatea aipatzen da. Elkarteekin elkarlanean aritzeaz gain ikasleek haien hiria ezagutzen ahalegintzen dira, baita hiriko zerbitzuak, eta eskolatik kanpoko jendea ikastetxean sartzera gonbidatzen dute.

Ildo beretik jarraituz, esaldi hau aipatzekoa da: "irakaslearen papera laguntzen duen gizakiarena da, Ez izan beldurrik umeei laguntzeko" (Célestin Freinet, 1969). Argi dago irakaslearen papera bidelaguna izatea dela. Irakaslea ez da haurra baino gehiago, eta prest egon behar da haurrei laguntza eskaintzeko behar dutenean. Educere  ereduak adierazten duen moduan, haurrak hezitzailearen estimulazioa jasoko du, eta hezigaiak berak garatuko du bere ikaskuntza prozesua. Izan ere, irakaskuntza norberaren barruko motibaziotik sortzen dena da. Gainera oso garrantzitsua da haur bakoitzari behar duen denbora ematea, eta bere lan erritmoa errespetatzea, izan ere haur bakoitza ezberdina da. Bestalde, haurren autonomia landu beharra dago, deskubritzeko eta esploratzeko denbora emanez.

Testuan adierazten den bezala, hezkuntza, eskaera eta lan indibiduala eskatzen dituen lan kolektiboa da. Lehen gertatzen ez zen bezala, gaur egun ikastetxeek auzo eta familiekin erlazioa dute eta haiekin kolaboratu eta elkarlanean ibiltzen dira. Izan ere, guztiz garrantzitsua da irakasleek haien ikasle eta familien errealitateak ezagutzea, eta beraiekin uneoro harremanetan egotea edozein momentutan laguntza behar badute. Horregatik ikastetxe, familien, zein auzoen arteko elkarlana egotea benetan aberasgarria da, eta komunitatean konfiantza sustatzea gertutasuna sentitzeko. 

Bukatzeko eta jorratutako gaia laburbilduz, lehen aipatu bezala edonor ez dago irakasle izateko prest. Irakasle lanbiderako prestakuntza egokia izatea ezinbestekoa da, eta mundu guztiak lan erreza dela pentsatzen duen arren okertuta daude. Irakasle ona izateko hainbat gaitasun, perfil eta konpetentzia izan behar dira, lana gustukoa izan eta motibatuta egon. Lehen esan bezala, profesio hau gutxietsi egite da bizi garen gizartean. Baina, garrantzi gehiago izan behar luke, irakasleek hezten dituzten haurrak gizartearen etorkizuna izango direlako.

Zitak gaztelaniatik euskerara hitzez-hitz itzuliak. 

Bibliografia

Besalú X. Como en la viña del señor. Cuadernos de pedagogía, 469, 70-72
 







jueves, 21 de noviembre de 2019

JOLASAREN GARRANTZIA

Imagine elephants, jolasaren garrantzia adierazten duen dokumentala da. Bertan, hainbat gai jorratzen dira, esaterako: jolasteko materialak, espazioa, haurrek duten denbora falta edo helduek jolasari kentzen dioten garrantzia.  Bideoa ikusi ondoren galdera hauek planteatu ziren klasean: nor da haurra? nor da irakaslea? zeintzuk izan behar dira bere zeregin eta lanak?

Hasteko, bideo honetan elkarrizketatuak izan diren hainbat aditu ageri dira: Francesco Tonucci (pedagogoa), Mar Romera (psikopedagogoa), Carlos González (pediatra), Sonia Kliass (haurren garapenean ezpezializatutako psikologa)...  Guztiek  jolasa aztertzen dute, eta honek hezkuntzan zein umeengan duen garrantzia.

Lehenik eta behin, dokumentalean jolasa aipatzen da; eta jolasak haurren ikaskuntzan eta heziketan duen garrantzia. Bideoaren hasieran, hainbat heldu agertzen dira haien haurtzaroko jolasak gogoratzen. Alde batetik, gehienek kalea aipatzen dute, eta telebista oso gutxi ikusten zutela. Beste gizon batek berriz, etxean egotea nahiago zuen, leihotik jausten ziren ur-tantak ikusten. Adibide honen bitartez, haurtzaro desberdinak ikus ditzakegula pentsatzen dut. Beste alde batetik, mutil batek pirata jolasak aipatzen ditu, neska batek ordea printzesak. Bertan, txikitatik jasotzen ditugun genero rolak ageri dira. Izan ere, haurrak garenetik, gure gizartearen ondorioz hainbat estereotipo barneratzen ditugu.

Bigarrenik, Tonucci-ren hitzetan: "haurrek jolasteko eskubidea dute eta jolasten ikasten dute". Gaur egun, arazoa umeek beraientzat eta besteontzat daukaten denbora falta da, eta umeei agenda betetzen badiezu identitatea gal dezakete. Adibidez, Gonzalo Jover-ek esaten duen moduan: "eskolaz kanpoko ekintzak ez dira jolastea, jokatzea baizik, eta obligazio bihur daitezke".  Miguel Castrok dioenez: "edozer izan daiteke jolas edo tortura bat". Hau da, jolasa egoteko konekzio emozionala egon behar da, eta haurrak beharragatik jolasten duenean ez du frustraziorik sentitzen. Ekintza hau ordea, inposatu egiten bada frustrazioa ageriko da. Jolasa obligazio bihurtzen denean haurrek interesa galduko dute, eta jolasa umeek disfrutatzeko erramienta izan behar da.

Ildo beretik jarraituz, badirudi jolasak Haur Hezkuntzan soilik duela garrantzia, eta gero Lehen Hezkuntzan ikasi egin behar dela bakarrik (matematikak, ingelesa, gaztelania...) baina jolasaren bitartez ikasi egiten da, horrela balioak eta errespetua ikasten dituztelako, baita imajinazioa garatu ere. Gainera, imajinazioak garrantzi handia du, pentsamenduaren ardatza baita. Adibidez, klasean egin genituen teknografien aurkezpenetan, talde batek arreta deitu zidan dinamika bat egin zuten. Guztioi eskatu ziguten etxe bat marrazteko, eta gehienek etxea modu berdinean marraztu genuen. Nire esperientzian oinarrituz, gertaera hau imajinazioa lantzeko faltarekin lotuko nuke.

Gaur egun, jolasak merkataritza bilakatzen ari dira, eta haurrek gero eta ordu gehiago pasatzen dituzte pantaila baten aurrean: telebista, ordenagailuak, tabletak, mugikorrak edo bideo-jokoak esaterako. Baina 3 urte izan arte, telebista eta bestelako pantailak ez dira komenigarriak, umeek ez dutelako pantaila baten aurrean ikasten, eta ez dituztelako esperientzia errrealak jasotzen. Gainera, bideo-jokoak ez dira ikasteko ez badituzu ezagutzen. Egokiena, bideo-joko horiek haurrekin aztertzea da. Oso garrantzitsua da umeek pantaila baten aurrean zer ikusten duten kontrolatzea, adin honetan jasotzen duten informazio guztia barneratzen baitute. Askotan, konturatzen ez garen arren, programa askok dituzten balio eta printzipioak negatiboak izaten dira. Disney pelikuletan adibidez, oso errez topa daitezke balio matxista eta sexistak. Guraso askok kaletik haien seme-alabei mugikorrak ematen dizkiete geldi eta lasai egon daitezen. Baina, ba al dakite benetan haien umeak zer ikusten ari diren?

Normalean, heldu askok uste dute jolastea denbora galtzea dela, lanetik iritsi eta nekatuta egoten direlako haien seme-alabekin jolasteko. Baina jolasa emozioa da, eta jolasek disfrutatzen irakasten dute. Horregatik, nagusi eta helduek ere jolastu egin behar lukete. Tonnucik dioenez: "inork ez du umeengan pentsatzen" eta "molestatzea garapenaren oinarrizko elementua da".

Beste gai bat aipatuz,  umeek jolasteko espazio gehiago behar dute. Dokumentalean dioten bezala, egia da herrietan toki gehiago egoten dela jolasteko. Nik bizi izan dudana kontuan izanda, herrian askatasun sentsazio gehiago izaten da, baita autonomia sentsazio gehiago ere. Juan Roviraren hitzetan: "jolasekin haurren autonomia lantzen da". Herrietan, leku batetik bestera, distantziak txikiagoak izaten dira, edozein lekutan jolas daiteke eta gehienetan gurasoak ez dira hainbeste kezkatzen haien seme-alabak non dauden jakiten dutelako. Hiri batean berriz, arazo gehiago egoten dira hainbat faktoreren ondorioz: kotxeak, leku batetik distantzia luzeak, motorrak, autobusak ...  Zoritxarrez, ohikoa izaten da hirietako plazetan "pilotarekin jolastea debekatuta" ipintzen duten kartelak ikustea. Horrek, haurrek jolasteko dituzten aukerak murrizten ditu eta jolasa zailtzen du. Beste adibide bat hau izan daiteke: parke batzuek hesiak izaten dituzte. Zer konlusio atera dezakegu bertatik? Haurrek eremu horren barruan soilik jolastu dezaketela? Bertatik ondoriozta daiteke helduek umeengan eta jolasan gutxi pentsatzen dutela orokorrean.

Materialaren gaia jorratzeko, Ángeles Ruiz de Velascok dioenez: "haurrei esanahia duten materialak interesatzen zaizkie". Hau da, nahiago izango dituzte funtzio bat betetzen dituzten materialak. Adibidez, plastikozko giltza batzuen, eta benetako giltza batzuen artean bigarren aukera nahiago izango dute, ikusi dutelako horrekin ateak ireki ditzaketela. Bertan ikaskuntza prozesu bat ematen da, haurrak eskura duen materialarekin zer egin edo lortu dezakeen deskubritzen duelako, eta material horrek zer funtzio betetzen duen ikusten duelako.

Bukatzeko eta gaiaren laburpena eginez, ikusten da jolasa erabat garrantzitsua dela haurren garapen eta ikaskuntzan. Hasierako galderei erantzunez, haurra jolasa da eta jolasak umeengan emozioa sortzen du. Hori oinarrizkoa da ikaskuntza prozesuan. Horregatik, helduek gai hau ezagutu eta honi buruzko kontzientzia izan behar lukete jolasari garrantzi gehiago emateko eta umeei jolasteko beharrezko baliabideak eskaintzeko.

Zitak gaztelaniatik euskerara hitzez-hitz itzuliak.
 










Bibliografia  

Cruces E. (produktorea). Cruces E. (zuzendaria). (2015).  Reportaje lineal "Imagine elephants". [Pelikula]. Espainia.